Aurrekari historikoak
Gaur egun onartzen da, oro har,
praktiko hitza “pilotu praktiko” hitzaren laburdura dela, eta segur asko,
jatorriz beren ingurua ezagutzea beste ezagutzarik behar ez zutelako iritsi
dela laburtze horretara. Gure inguruko ia hizkuntza guztietan praktikoen
izen tradizionala “peilen” (neurtu) eta “loot” (zunda) hitzetatik eratorri
zen, izan ere, antzina itsas hondoaren sakonera eta morfologia ezagutzeko
eskuko sonda bat erabiltzen zelako. Dena dela, hizkuntza gehienetan
“pilotu” hitzaren erabilera nagusitu da.
Zenbait historiagilek
erromatarren itsas-bidaietan zenbait lagunek gaur egungo praktikoen
zereginak betetzen zituztela egiaztatu dute, eta praktikoen aintzindari
izan zitezkeela diote. Baina Behe Erdi Aroan agertu zen lehen aldiz
“leman”-aren irudia; itsas ibilbidea finkatzea zen haren zeregina. 1282an
Bartzelonako "Libre del Consolat de mar" lanaren 249 kapituluan
honela dio. “Patroi bat norabait itsasontzi bat eramateko kontratatzen
dutenean, eta ez hura ez itsasontzian doan beste inor seguru ez daudenean,
kostalde hori ezagutzen duen pilotu bat kontratatu beharko du, eta pilotu
hark ziurtatu beharko dio patroiari ondo ezagutzen duela joan nahi duen
lekua”.
XIV. mendeaz geroztik,
"lentsman", "locmads", "lemanes" edo
itsasertzeko pilotuei buruzko aipamen zehatz ugari daude. Bilboko
kontsulatuak (1511-1839), esate baterako, 1561. urteko Pilotatzeko Araudian
jarduera hau arautu zuen, eta honela zioen: “leman pilotuaren zeregina da ontziak eta itsasontziak sartzea
eta ateratzea”. Araudi hartan adierazten zen, bestalde, lanbide horretan
jarduteko hainbat azterketa gainditu behar zirela, eta zehazten zen zein
ziren zegozkien ordainsariak. Zigorrak ere ezartzen zitzaizkien, baita
gorputz zigorrak ere “kasu larrienetan”. Bestalde, 1590eko “Sanlucar-eko
itsasoko jendearen ordenantzak” agirian pilotatzearekin zerikusia zuten
jarduerak arautzen dira.
Dena dela, Bilboko 1737ko
Kontsulatuaren Ordenantza Orkorrak dira guztietan azpimarragarrienak.
Bertako 24. kapituluan, 1681ean Frantziako Itsas Armadaren Ordenantzaren
eraginpean, adierazten dute praktikajea derrigorrezkoa dela eta “hogeita
seigarren” kapituluan (hogeita hemezortzi atal) “Pilotu gidariei edo
kostaldekoei buruz, egin behar dutenari buruz, eta beren Limange edo
Atuage-en arabera eraman behar dutenari buruz” hitz egiten da. Bertan, era
honetara definitzen ditu lanbide horretan dihardutenak: “Prior edo Kontsul
tituluduna, agertzen diren Itsasontziak Portura, ohiko ainguralekura,
eramateko ardura duena, eta ondoren, itsasoratu behar dutenean, Barra
kanpora atera behar dituena, zehazten diren ordainsarien arabera".
Bestalde, zehazten du
“azterketarako hautatu dadin, Leman Pilotu Titulua lortu nahi duen edonork
hogeita lau urte beteta eduki beharko ditu, eta Kostalde horretatik kanpo,
Itsaso zabalean lau urtez nabigatzen aritua izan dela ziurtatu beharko du;
eta azterketan galdetuko zaio (besteak beste) maniobrei buruz,
Itsasontzietako tresnei buruz, eta bereziki, Kostalde horretako ur-laster,
itsasaldi, sarda, uharri, ur-korronte, eta lurmuturrei buruz, eta baita
Itsasadar, Portu, eta Ainguralekura sartzeko eta irteteko oztopo izan
daitezkeen gainerako gertaera guztiei buruz”.
Ordenantza horietan zehatz-mehatz
adierazten da zein diren pilotuen betebeharrak eta eskubideak. Eta baita
beren jardunaren ondoriozko kalteen gainerako erantzunkizunak ere. XI.
atalean adierazten da “Leman Pilotu orok ezjakintasunagatik,
gaiztakeriagatik, mozkor egonagatik, edo beste edozein arrazoirengatik
itsasontzi batek hondoa jotzea eragingo balu, edo galduko balu, eragindako
kalteak bere ondasunen bidez ordaintzeaz gainera, lanbidea uztera behartuko
lukete, eta zigortu egingo litzateke zorroztasunez".
Pilotu horien ontziak “sei
arraunlarik gidatzen zituzten, sei gizon eta mutiko batek”, eta itsasoan
egoten ziren itsasontzi bat noiz agertu zain, Kontsulatuak zehaztutako
distantziara, eta itsasontzia bazetorrela ikusten zutenean haren bila
irteten ziren, eta ondorioz, estropadak sortzen ziren, izan ere, iristen
zen lehenak lortzen baitzuen portura gidatzeko lana, eta lan horri
zegozkion ordainsariak.
Lehen aipatutako 1590eko
“Sanlucar-eko itsas jendearen Ordenantzetan”, “Pilotatzea” atalean honela
adierazten da: “Itsasoan dela herri honetako edozein Pilotuk, bere
ontziarekin, itsasontzi bat ukituko balu, beste pilotu batek ezingo du hiri
honetako portura sartu, ez atera, bestela galdu egingo luke Pilotatze lan
horretan irabazi ahal izango lukeen saria, eta lehenbizi ukitu duen
pilotuarentzat izango litzateke saria; eta horrez gainera, bostehun
marabedi ordaindu beharko ditu, eta hamar egunez espetxean egon beharko du;
hori guztia horrela bete dadila ukitu duen pilotua hirian bertan bada, eta
Itsasontzi hori Barratik sartzera abiatuko balitz, Itsasontzi horrek
Piloturik eskatu ez duenean".
Beste hainbat portutan ere
horrela gertatzen zen, eta horregatik egiten dituzte, esate baterako,
Amberesen urtero “praktikoen estropadak” izenekoak, lasterketa haiek gogora
ekartzeko.
Donostiako Unibertsitatea,
Kontratazio Etxeak eta Kontsulatuak 1766an zehatz-mehatz arautu zuten
pilotu-gidarien eta kostaldeko praktikoen izendapena eta jarduna.
Baina XIX. mendearen hasieran
mugatzen hasten da kontsulatuaren autonomia, erabat desagertzen den arte;
horrela sortu zen “Portuko Kapitainaren” irudia, eta aplikatu zen
Merkataritzaren kodea.
Pasaiako Portuko praktikoen plantila 5
tituludunek osatu dute urtetan.
Gerra Zibilean hainbat praktiko
espetxean sartu ziren eta horren ondorioz, beste batzuk jarri ziren haien
ordez, behin behinean.
Ondoko taula honetan pasaiako
Portuan praktiko lanetan jardun dutenen datuak agertzen dira.